Nor Naiz Ni
Itxaso Amaia Paya Ruiz naiz eta 1988ko azaroaren 19an jaio nintzen, Algortan (Getxo). Txikitatik hizkuntzarekin eta gorputzarekin jolastea gustatu izan zait eta horretan trebatu naiz gerora.
Bertsolaritzaren munduan eman nituen lehenbiziko urratsak eta horrela izan nuen, lehenbiziko aldiz, harremana hitzekin eta inprobisazioarekin. Ondoren etorri zen idazteko grina eta bertso idatziak, ipuinak, gidoiak.. idazteari ekin nion. 18 urterekin antzerkia ikasten hasi nintzen eta, honekin batera, ekoizpenaren mundua ere gertutik ezagutzen hasi nintzen. Hori dela medio, eta kulturaren unibertsoan modu askean ibili ahal izateko prestakuntza bila, ikus-entzunezko komunikazioko gradua ere ikasi nuen.
Diziplina anitzetara egokitzen naizen artista naiz: antzerkia, bertsolaritza, musika, literatura, bikoizketa, dantza.. Txikitatik jorratutako baliabide hauek guztiek euskal kulturaren munduan lekua aurkitzeko lagungarriak izan dira. Euskal Herriko plaza ugari ezagutu ditut bertsoa eta antzerkiari esker, Lanestosatik Barkoxeraino, eta herritarren etxeetan ere sartu izan naiz pantaila zein irratiaren bitartez hainbatetan.
Egun, Zelako Kultur Ideiak kooperatiba elkarte txikian egiten dut lan ekoizpen kulturala sustatzen. Oholtza gaineko jardunari dagokionez, zuen herriko areto zein plazetan edo eta sare sozialetako pantailetan nire lanen berri edukitzeko aukera daukazue.
Antzerkia
Oholtzan hitza eta gorputza batzen dira, emozioaren eta keinuaren bidez istorioak kontatzeko. Antzerkia niretzat espazio bizia da, elkarrizketa eta ispilu, publikoarekin batera une bakarrak sortzeko lekua.
Gidoilaritza
Idazteko grina bertsolaritzatik eta antzerkitik jaso dut. Gidoiak sortzerakoan, irudimena eta egunerokotasuna uztartzen ditut, pantaila zein oholtzarako istorioak eraikiz.
Musika
Musikak nire barruko erritmoari bide ematen dio. Ahotsa eta hitza tresna bihurtzen dira sentimenduak adierazteko, doinuaren bidez mundua ulertzeko eta partekatzeko.
Bertsolaritza
Bertsoa nire lehen hizkuntza artistikoa izan da. Inprobisazioaren bidez sortzen den magia da: unean-unean sortu eta publikoarekin zuzenean konektatzen duen jarduna.
